
Plan beraren barruan, enpresak beste 3 milioi euro jaso ditu Eusko Jaurlaritzak emandako abalen bidez.
Amaroz paper-fabrikak papera fabrikatzen du XIX. mendearen amaieratik.
Amaroz enpresa proiektu handi bat garatzen ari da bere fabrikazio gaitasuna zabaltzeko, urtean 40.000 tona paper fabrikatzetik 80.000 fabrikatzera igaroko baita.
Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketak (SGECR) hiru milioi euroko partaidetza-mailegu bat eman dio Amaroz paper-fabrikari. Plan horren barruan, enpresak beste hiru milioi euroko abala jaso du Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Txoke-abalen programaren bidez.
Gipuzkoako Amaroz paper-fabrikak papera fabrikatzen du XIX. mendearen amaieratik. Une honetan, bere fabrikazio gaitasuna zabaltzeko (bikoizteko) proiektu handi batean murgilduta dago. Amarozek une hauetan 40.000 tona fabrikatzen ditu urtean eta 80.000 tona fabrikatzea aurreikusten du bere instalazioak Tolosatik Legorretara eramaten dituenean.
21 milioi euroko inbertsioa egin da guztira, enpresak 7,5 milioi jarri dituelarik kapital-zabalkuntzaren bitartez. Bestalde, Amaroz enpresak Tolosan dituen orubeak saldu ditu eta beste 13 milioi euro lortu ditu salmenta horren bidez.
Azpimarragarria da Amaroz paper-fabrikako langileek jarri dutela enpresako kapitalaren %41.
Arrisku Kapitala Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren barruan dagoen SPRI Taldearen sozietate bat da. Neurri hau Eusko Jaurlaritzak krisi ekonomikoari aurre egiteko martxan jarri dituen ‘+ Euskadi 09’ ekimenen barnean sartzen da.
Bilbo, 2010eko apirilaren 8a.