
Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietateak (AKEKS, S.A.) EZTEN funtsa erabili du Notro Televisión enpresaren akzioen %9,94 eskuratzeko kapital zabalkuntza baten bidez eta 3,5 milioi euroko diru ekarpena egin du horretarako. Vértice 360º enpresak kapitalaren %90,06 dauka.
Operazio honen helburu nagusia da Euskadiko ikus-entzunezkoen industria dinamizatzea eta bultzatzea, Vértice 360º enpresak ikus-entzunezkoak eskaintzeko eta edukiak produzitzeko erabiltzen duen ereduari jarraituz.
Vértice 360º Taldeak eta Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietateak (AKEKS, S.A.) akordio bat adostu dute gaur, zeinaren bidez Arrisku Kapitalaren Kudeaketa Notro Televisión enpresako (hemendik aurrera ERPIN 360º deituko da) kapitalean sartuko baita. Edonola ere, Notro Televisión marka (besteak beste, Doctor Mateo telesailaren produktorea) mantenduko da efektu komertzialengatik.
Operazioa instrumentatzeko, Notro Televisión enpresak 3,5 milioi euroko kapital zabalkuntza egin du. Diru ekarpen hori oso osorik egin du Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietateak, EZTEN arrisku kapitaleko funtsaren bitartez. Horrela bada, Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietateak ERPIN 360º enpresaren %9,94 kontrolatuko du hemendik aurrera. Gainerako %90,06, berriz, Vértice 360º Taldeak kontrolatuko du orain arte bezala.
Operazioak hainbat helburu nagusi dauzka, hala nola, erreferente bat sortzea Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorea garatzeko eta dinamizatzeko. Horretarako, Vértice 360º taldearen esperientzia eta ezarpena aprobetxatuko dira, presente baitago ikus-entzunezkoen balio-katearen maila guztietan.
José María Irisarri Vértice 360º Taldeko presidentearen esanetan, “Euskadiko merkatuak hazkunde aurreikuspen oso erakargarriak dauzka epe ertain eta luzera. Gure konpainiarentzat arrakasta ez ezik, aukera ere bada ikus-entzunezkoen sektoreari gure esperientzia eskaintzea, Euskadiko jarduera ekonomikoaren dinamizatzaile handienetako bat bilakatu dadin”.
“Eduki genezakeen bazkiderik onena izango dugu, gainera, Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietatea; erakunde publiko horrek inbertsioen errentagarritasun ekonomikoa bilatzeaz gain, garrantzi handia ematen dio errentagarritasun sozialari ere eta, hain zuzen, horixe da Vértice 360 Taldearen eguneroko jardunaren balorerik garrantzitsuenetako bat. José María Irisarrik esan zuenez, helburu handiak lortu nahi dira ERPIN 360 proiektuarekin: aberastasuna eta enplegu berria sortzea Euskadin".
Bilbo, 2010eko otsailaren 22a.