
Bilbo, 2009ko abenduaren 28a. Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketak (SGECR) 1,2 milioi euro inbertitu ditu Industrias Lebario enpresan Ezten funtsaren bidez eta bere kapitalaren %36tik gorako partaidetza eskuratu du. Arrisku Kapitala Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren barruan dagoen SPRIren (Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren) sozietate bat da. Neurri hau Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako + Euskadi 09 Planaren barnean sartzen da.
Abadiñon kokatuta dagoen eta 37 langile dituen enpresa hau automobilgintza sektorerako magnesio eta aluminiozko injekzio moldeen diseinu eta eraikuntzan espezializatuta dago.
Enpresak hainbat alor (produktibitatea, I+G+b bidezko bereizketa edo nazioartekotzea) hartzen dituen plan estrategiko handi bat du martxan.
Nazioartekotzearen estrategiari dagokionez, Industrias Lebario Errumanian ezarri da, izan ere, Errumania pisu handia hartzen ari da automobilgintza sektorean, automobilgintza industriaren zentro nagusi bihurtzen ari delako.
Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa Sozietateak babesturiko ezarpen honi esker, Industrias Lebariok bere molde-kuota handituko du Errumaniako automobilgile nagusiarentzat: Renault- Dacia. Renault- Dacia Industrias Lebarioren lehen bezero bihurtu da, bezero horri esker lortuko baitu enpresaren fakturazioaren %30.
Bere nazioartekotze prozesua osatzeko, Industrias Lebariok kalitate handiko moldeen hornitzaileak eskuratu ditu India eta Txinan eta molde-ahoen hornitzaileak, berriz, Portugal eta Turkian.