
Donostia, 2009-05-07.- SEED GIPUZKOA sozietateak 900 mila euro inbertitu ditu IMEZU MESSENGER SL (350 mila euro), MD RENAL SL (300 mila euro) eta NESPLORA (250 mila euro) enpresetan beren enpresa garapena sustatzen laguntze aldera. Halaber, GARRAIOTECH enpresan egindako inbertsioa berreskuratuko du, enpresa horrek hasieran ezarritako helburu estrategikoak lortu dituelako.
IMEZU MESSENGER proiektua NORSIS CREACIONES enpresako I+G+B unitatetik sortutako biurteko proiektu bat da. Negozio ideia da bat-bateko mezularitza sistema korporatiboa garatzea IP ahotsa barne duena, erakunde bateko kideen arteko komunikazioak hobetu eta merkatzen dituena ingurune seguru batean, ordenagailuen zein gailu mugikorren bidez (eskuko telefonoak, PDAk eta abar).
MD RENAL enpresaren helburua da nazioarteko erreferentzia bihurtzea metabolomikaren merkatuan. Metabolomika da nahasketa oso konplexuetan, esate baterako, odolean edo gernuan, dauden pisu molekular gutxiko (<1500DA) ehunka eta milaka osagairen aldi bereko analisia. Izan ere, zelula, organo edo organismo batean dauden eta erreakzio metabolikoetan parte hartzen duten pisu molekular gutxiko molekula horiek guztiak dira metabolomak.
NESPLORA Informatika Fakultateko eta Psikologia Fakultateko spin off bat da. Oinarri zientifiko-teknologikoa du eta nerbio sistemari, garunaren funtzionamenduari eta giza portaerari buruzko ezagutza zabaltzea du xede. Nesplora enpresan tresna berritzaileak diseinatu eta garatzen dira portaera objektiboki aztertzeko eta azterketa hori etengabe hobetzeko, uztartuz zientzia kognitiboen ikerketa teknologia berrien ikerketarekin, eta erabilerraztasuna datu antolatuekin. Tresna horiek oso lagungarriak dira neurozientifikoentzat, ikertzaile zein klinikoentzat, garuna aztertzeko, diagnosia egiterakoan arrakasta maila handiagoa izateko, eta tratamendu egokia azkarrago bilatzeko.
Gainera, bere helburuak bete ondoren, SEED GIPUZKOAk GARRAIOTECH enpresan inbertitutakoa berreskuratuko du, eta 75 mila euroko gainbalioa arrisku kapitaleko beste proiektu batzuetarako erabiliko da.