


Seed Gipuzkoa Euskal Herriko Arrisku—Kapitalaren Kudeaketa SA enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007. urtean sortutako sozietateak oinarri teknologiko eta berritzaileko enpresa berriei lehenengo urratsak ematen laguntzen die.
Zabalkuntzaren ondoren, sozietatearen kapitala 3,59 milioi euro zango da.
Seed Gipuzkoak 450.000 euro inbertituko du Saludnova eta Ikerchem enpresetan.
Seed Gipuzkoa sozietateak, Euskal Herriko Arrisku-Kapitalaren Kudeaketa (AKEKS) SA enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007. urtean erdibana sortu zutenak, 1,59 milioi euroko kapital zabalkuntza egin du. Ondorioz, sozietatearen kapitala 3,59 milioi euro da orain.
Seed Gipuzkoa oinarri teknologiko eta berritzaileko enpresa berriak hasierako urteetan finantzatzeko, eta kapital sozialean parte hartuz, Gipuzkoako Lurralde Historikoan enpresa berriak sortzen laguntzeko asmoz eratu zen.
Horrela, Metallied Powder Solutions eta Garraiotech enpresetan parte hartzeaz gain, beste bi enpresa hauetan ere inbertitu behar du Seed Gipuzkoa sozietateak: Saludnova eta Ikerchem enpresetan, hain zuzen, eta 450.000 euro jarriko du guztira.
Ikerchem da Seed Gipuzkoak inbertitu duen enpresetako bat. Kimika-farmazia sektorekoa da eta I+G proiektuak lantzen ditu: proiektu batzuk enpresak berak sortuak dira (molekula berriak onkologian erabiltzeko), eta beste batzuk, berriz, hirugarrengo baten eskariz garatuak (merkatuan ez dauden sintesi erdibidekoak). Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Organikoko Departamentutik sortutako spin-off bat da.
Saludnova ere Euskal Herriko Unibertsitatean sortutako spin-off bat da, Datu Baseen taldearen barruan (BDI taldea). Edozein unetan eta edozein tokitan, pertsonen bizi kalitatea eta segurtasuna hobetzeko baliagarri diren produktu berrien diseinuan eta ekoizpenean espezializatuta dago, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien ikerketa du oinarri. Saludnova proiektuak telemedikuntzaren inguruko jarduketa esparru zabala hartzen du, eta hasiera batean osasun esparrura bideratuta dago.