


Metagrak hotzean eta estruzio bidez fabrikatzen ditu torloju estanpatuak. Enpresa sortu zenean, alegia 1963an, Metagrak urrats handi bat eman zuen industri arloko torlojuen eta pieza berezien fabrikazioan, aitzindaria izan baitzen hotzeko estanpazioaren teknologia erabiltzen. Teknologia berri honek txirbil-harroketa bidezko fabrikazioa ordeztu zuen, ordura arte betidanik erabili izan zena.
Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa, SGECR, S.A.-k 2.239.656 euro inbertitu ditu Metagra (Metalúrgica Santa Engracia) enpresan eta %25eko partaidetza eskuratu du enpresako kapital sozialean. SGECR zazpi urterako sartu da Bergarako (Gipuzkoa) enpresa honetan, osaera publiko eta pribatua duen Suztapen funtsaren bitartez.
Hartara, bada, enpresak hotzeko estanpazio bidez lortzen diren finkapen elementuak fabrikatzen ditu alanbre biribilkietatik abiatuz. Enpresa honen merkatu nagusia automobilgintzako lehen ekipamenduak eta ekipamenduon sektore lagungarria da. Teknikoki konplexuak diren piezen serie labur eta ertainetan espezializatuta dago.
Euskadiko Arrisku Kapitala
Eusko Jaurlaritzak, Industri Sustapenerako Sozietatearen (SPRI) bidez, sortu zuen 1985ean Euskadiko Arrisku Kapitala. Arrisku Kapitalaren xedea da erakunde publiko eta pribatuen finantza baliabideak biltzea, baliabide horiek funts eta sozietateen bidez kudeatu eta administratzeko, eta gero enpresa proiektuetan inbertitzeko partaidetza minoritario eta aldi batekoen bitartez.